Loiuko Cadillac bakartia

Aikor aldizkaria 2018ko aza. 28a, 10:46

Cadillac marka mitikoa da. Hainbat filmetan agertzen dira auto horiek eta abeslariek ere aipatu dituzte zenbait kantatan, Loquilloren Cadillac bakartia, esate baterako. Amalio Fernández loiuztarrari antzinako autoak gustatzen zaizkio betidanik eta duela lau urte Cadillac Calais Deville bat erosi zuen. Zoritxarrez, seme-alabak ez datoz bere zaletasunarekin bat eta Amaliok bakarrik disfrutatzen du bere etxean.

Amalio Fernández Villasana de Menan, Burgosen, jaio zen duela 71 urte. Gaztetan soldadutza egin zuen Zorrotzan, Bilbon, eta hemen gelditzea erabaki zuen. "Nire herrian zaila zen lan egitea, han 40 behi baino ez baitzeuden. Beraz, elektronika ikasi eta gero enpresa batzuetan egin nuen lan. Azkenik, 27 urte nituela etxetresna elektrikoen denda bat jarri nuen Gurutzetan", esan digu. Garai hartan Barakaldon bizi zen, baina 1990ean Loiura etorri zen. "Zerbait hurbila eta lasaia nahi nuen. Eta ingurua ezagutzen nuen hemendik bezero batzuk nituelako. Eta hemen nago, gustu-gustura". 

Amalioren etxea Katean dago eta handia da. Lekua dauka bertan zaletasunak lantzeko; ortua, esate baterako. "Bizitza Villasana eta Loiuren artean ematen dut. Herri bietatik ibiltzen naiz eta jende guztiak ezagutzen nau. Burgosen sagardoa eta txakolina ekoizten ditut". Denbora ere badauka, jubilatuta dagoelako.

Baina benetako pasioa mekanika da. "Osaba bat nuen Kuban eta 1957an Opel Capitan autoa erosi zuen. Ederra zen. Hemen ez zegoen ia autorik eta horrek liluratu egin ninduen. Orain dela 15 urte gidatzeko aukera izan nuen. Zoragarria izan zen. Era berean, bolada hartan, Ameriketan dirutza irabazi zuten lagunak herrira itzultzen ziren oporretan-eta, eta horiek ere gidatzen zituzten auto zoragarriak. Ibilgailu horiek betiko izango ditut gogoan. Eta duela lau urte apetak eman zidan eta Cadillac Calais Deville autoa erosi nuen".

"Autoa 30.000 euroren truke erosi nion Madrilgo lagun bati. Antzinako auto bat nahi nuen eta handia izan behar zuen, auto txikiak gustatzen ez zaizkidalako. R8 edo 600 bezalakoak, esate baterako, ez ditut atsegin". Amalioren Cadillac-a 1971n egin zuten eta 1972an matrikulatu zuten Madrilen. "Ez dut egunero erabiltzen, ez, noski, baina behar bezala mantentzen dut eta noizean behin txangoak egiten ditut. Ibilgailuen azterketa teknikoak urtero gainditzen ditut. Zoragarria da gidatzea, jostailua izango balitz moduan. Arazoa aparkatzea da, aparkaleku batean sartzea, oso luzea delako, ia 6 metroko luzera duelako".

Ez da auto merkea, ez, baina Amalioren esanetan, oso garestia ere ez da. “Autoak 20 litro gasolina behar ditu 100 kilometroko. Era berean, ordezko piezak Interneten bidez erosten ditut Madrilen". Mantentze lanari dagokionez, Amaliok berak egiten du. “Mekanikari frustratua naiz (kar, kar). Txikitatik gustatzen zait mekanika, nahiz eta elektronika ikasi. Beraz, nik neuk egiten dizkiet autoei mantentze-lanak. Betidanik egin dut: ur-ponpa eraberritu, enbragea aldatu… Denetarik egin dut. Poz-pozik nabil auto baten azpian, lanerako jantzita. Eta, horregatik, garajean lubaki bat jarri dut, autoak azpitik ikusi ahal izateko. Nire pasioa da”.

Argi dago autoa Amaliori gustatzen zaiola, baina ez dio egun osoa Cadillac-i eskaintzen. “Ordu libreak baino ez dizkiot eskaintzen: olioa zelan dagoen ikusten dut, apainketa txikiak egiten dizkiot… Autoa badago nire zerbitzura; ez ni autoaren zerbitzura. Eta horregatik ez zaizkit auto klasikoen kontzentrazioak gehiegi gustatzen. Izan ere, hara joaten diren lagunek autoei buruz baino ez dute hitz egiten. Aspergarria da. Hala ere, Loiun antolatu zutenean, etxetik gertu nuenez, hurbildu egin nintzen. Eta Bizkaian beste bateren bat egiten bada, agian animatuko naiz, baina beste barik".

Ameriketako Rolls Royce-ak

Loiuztarrak ez die seme-alabei pasioa transmititu, baina bilobek primeran pasatzen dute aititeren etxera joaten diren bakoitzean. “Argazkiak ateratzen dituzte, autoan sartzen dira… (kar, kar). Kalera joaten naizenean antzeko gauza bat gertatzen zait. Jendea liluratuta gelditzen da eta argazkiak egiten dizkiote ibilgailuari. Normala da. Madrilgo lagun batek esan zidan Cadillac autoak zirela Ameriketako Rolls Royce autoak. Rolls Royce bat erostea gustatuko litzaidake, baina garestiegiak dira (kar, kar)”.

Cadillac-a ez da Amalioren auto bakarra. Eguneroko bidaiak Mercedes batean egiten ditu eta, horrezaz gainera, Jeep bat ere badago loiuztarraren garajean. “Jeepa konpondu egin behar dut, martxan jartzea lortzen ez dudalako”. Etorkizunean agian beste auto klasikoren bat ere erosiko du, baina ez daki ziur. "Auskalo! Odol beroa naiz eta egun batetik bestera erabaki ahal dut besteren bat erostea, baina momentuz ez dut horren inguruan pentsatzen”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).