Loiu Erdi Arora itzuliko da asteburuan

Aikor aldizkaria 2019ko mar. 22a, 15:10

Erdi Aroko banderak eta zutoihalak ipini dira herrigunean, izan ere, gaur arratsaldetik domekara arte Erdi Aroko Azoka egongo da lehen aldiz Loiun. Errementariak, urregileak, upelgileak, saltinbankiak, malabaristak eta juglareak batuko dira bertan, eta herritarrak eta bisitariak eramango dituzte kristauak, juduak eta musulmanak elkarrekin bizi ziren garaira.

Azokan 50 saltoki inguru ipiniko dira eta, besteak beste, gazta, ogia, sendabelarrak eta hestebeteak salduko dira. Horrezaz gainera, artisauen lana jarriko da ikusgai eta eskuragai: larrua, zilarra eta zeramika, esate baterako. Era berean, titiriteroek eta juglareek kalea girotuko dute, eta antzerkia eta su-ikuskizunak eskainiko dira. Berbenak egongo dira, eta ipuin-kontalari batek umeak gozaraziko ditu. Azoka Zabaloetxe eta Abadetxe kaleetan atonduko da.

Loiuko Udalak Erdi Aroko arropa janzteko deia egin die herritarrei, eta hiru sari banatuko ditu mozorrotzen direnen artean: 300 euro, kide gehien duen kuadrillarentzat; 100 euro, soinean jantzirik onena darabilen neskarentzat; eta 100 euro, soinean jantzirik onena darabilen mutilarentzat. Epaileak herriko ostalariak izango dira. Azkenik, aipatu beharra dago aparkaleku bi atonduko direla, bisitariek autoa bertan utzi ahal izateko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).