Nola aurkezten zara berriro alkatetzara?
Egia esan, gogo eta ilusio handiarekin, bihotzean Loiu dudala. Ohore handia da zenbait proiektu gauzatzeko aukera izatea, gure udalerria hobetzeko, aurrera eramateko eta garatzeko.
Zein sentsazio duzu oraingo legealdi honetaz?
Gure jokaera elkarrizketan eta akordioan oinarritu da beti. Adibide argiak ditugu: udal aurrekontuak eta etxebizitza berrietarako plana bezalako proiektu giltzarriak, aho batez onartu direnak. Hori izan da legealdi honetako ezaugarri komuna: udal oposizioaren babesa lortzea, bai EH Bildurena, bai PPrena.
Ehun eta laurogeita hamar ekintza ezberdin gauzatu dituzue!
Legealdiaren hasieran Agintaldiko Plana aurkeztu genuen, gaur egun % 92an bete duguna. Ekintza horietatik nabarmendu dezakegu garraio arloan zeuden eskakizun historikoak gauzatu izana: alde batetik, Larrondo auzoaren eta Loiuko herrigunearen arteko lotura zuzena; eta, bestetik, lotura EHUrekin, hau ere autobusez, gure gazteentzat.
Nola baloratzen duzu Etxebizitza Plan berria onartu ahal izana?
Oso balorazio positiboa egiten dut. PPk eta EH Bilduk EAJ-PNVk aurkeztutako etxebizitza berrietarako proiektua begi onez ikustea eta horren inguruan aldeko botoa eman izana egindako lanarekin pozik egoteko arrazoia da.
Hurrengo helburua udal igerilekuak eraikitzea da.
Eguneroko entzute eta hurbiltze etengabe horretan, herritarrek udal igerilekuak izateko ere eskatzen dute. Daukagun aukera aprobetxatu behar dugu gure herritarren alde.
Eta Loiuko Antzokia ere, kultura maite duten pertsonentzat.
Izan ere, Loiuk ez dauka leku jakinik hauek egiteko: ekitaldiak, zinema, antzerkia, musika... Hori dela-eta, uda honen ostean, Loiuko Antzokia eraikitzen hasiko gara.
Zure taldeak Larrondon zenbait jarduketa egitea aurreikusi ditu.
Auzoko zinegotzi bat izendatu genuen, herritarren kezkak jasotzen dituena. EAJ-PNVk egunero ematen die arreta kezkei, eta, horren ondorioz, bost proiektu aurkeztu ditugu: herritarren arretarako bulegoa zabaltzea, umeentzako parkea estaltzea, belar artifizialeko zelaia egitea, herritarrei udal lokalei buruzko iritzia eskatzea eta txakurgune bat.
Aireportuak Loiuri zuzenean eragiten dion azpiegitura da.
Hori dela-eta, parte hartzen dudan Aire-Nabigaziori buruzko foro guztietan, Loiuko bizilagunen eskubide eta interesen aldeko defentsa irmoa egiten dut. Era beran, Loiuk aireportuaren esparrutik merezi dituen diru-sarrerak izateko bidean jarri gara. Loiu ere, herri gisa, irabazle aterako da.