CC.OO., LAB, USO, ELA eta UGT sindikatuek osatzen dute aireportuko zentro-batzordea. Horrek AENA Estatuko enpresaren 142 langileak –bezeroentzako arreta-zerbitzua, seinaleak, operazioak eta suhiltzaileak– deitu ditu grebara. Grebak ez die aire-kontrolatzaileei eragingo (Enaireren mendekoak baitira), ezta enpresa azpikontratatuetan lan egiten duten langileei ere.
Sindikatuek aireportuaren zuzendaritzari jakinarazi diote 2016tik lantaldea handitu beharko zatekeela, bidaiarien gorakadak sortutako lan-kargari aurre egin ahal izateko. Batzordeak beste kexa batzuk ere baditu: ez dira prestakuntzari buruz aurretik adostutako akordio batzuk bete; ezinezkoa izan da lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko plana adostea; eta aireportu-kudeaketaren eredua negoziatu nahiko lukete.
Aireportuko zuzendaritzak, ordea, adierazi du “justifikaziorik” ez dagoela greba honetara deitzeko. Zuzendariek uste dute gai batzuk Estatu mailakoak direla, eta horiek ezin direla Loiukoekin bakarrik negoziatu. “Tokiko negoziazioari baiezkoa emateak eragina eta ondorioak izango lituzke Estatuan”. Ildo honi jarraituz, zalantzan jarri dute Loiuko langileek duten negoziatzeko eskumena, esate baterako, aireportuaren kudeaketa-eredua negoziatzeko eskariari dagokionez. Zuzendarien ustez, beste eskakizun batzuk “egungo hitzarmen kolektiboan araututa daude”, eta beste batzuek ez dute bat egiten duela hilabete batzuk Estatuko Koordinakunde Sindikalarekin adostutakoarekin.