Lehiaketan hauek parte hartu ahalko dute: etxebizitzen jabeak edo errentariak, merkatariak eta ostalariak. Izen ematea ekainaren 16tik 24ra egin beharko da liburutegian (16:00etatik 21:00etara) edo udalera deituta (944 712 310). Datu hauek jakinarazi beharko dira: izen-abizenak, NAN zenbakia, telefonoa, helbide elektronikoa eta helbidea (etxe edo saltoki bakoitzeko balkoi edo leiho bat). Izen-ematea doakoa izango da. Loreak ekainaren 27an banatuko dira udaletxeko plazan, eta teknikariek uztailaren 23an eta 24an baloratuko dituzte lore-apainketak.
Kategoria bi egongo dira eta bakoitzean sari bi emango dira. Lehenengo kategoria familia bakarreko etxeei eta etxe atxikiei dagokie: irabazleak 160 euro jasoko du saritzat; eta bigarrenak, 120 euro. Bigarren kategoria, bestalde, jabe-elkarteei eta saltokiei dagokie eta kasu honetan ere irabazleak 160 euroko saria jasoko du, eta bigarrenak, 120 euroko saria. Gainera, sari berezia banatuko da gizarte-sareetara argazkiak igotzen dituzten parte-hartzaileen artean. Argazkiak #loreloiu hastag-arekin argitaratu beharko dira eta, halaber, Loiu eta loreak hitzak dituen esaldia edo estrofa idatzi beharko da. Originalenak 40 euro eta opari bat jasoko ditu saritzat.
Sariak uda ostean emango dira, Loiuko Gastronomia eta Artisautza Azokan hain zuzen ere. Sarien dirua herriko saltokietan gastatu beharko da.