Loiuko jaiak bertan behera

Aikor aldizkaria 2021ko api. 28a, 11:36

Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak bere webgunean idatzi duenez, aurten San Pedro jaiak ez ospatzeko erabakia hartu du udalak. “Erabakia aho batez onartu dugu udalbatzan ordezkariak ditugun alderdiok, EAJk eta EH Bilduk”. 

Begoñak idatzitako postean jaso ditu Ainhoa Tubet kultura zinegotziaren hitzak. Horren arabera, Tubetek azaldu du gaur egungo egoera dela-eta ez dagoela berme nahikorik ekintzak segurtasunez ospatu ahal izateko. “Gastronomiari, kirolari, kulturari, musikari… lotutako 60 ekitaldi baino gehiago izaten ditugu jaietan eta jendetza batu ohi da ekitaldietan. Hortaz, arduraz jokatzen jarraitu behar dugu, eta osasun-irizpideak errespetatu”. Tubeten esanetan, “loiuztarrek ez ditugu ulertzen paellarik, herri-bazkaririk edota kontzerturik gabeko jaiak eta momentu honetan ezinezkoa da ekintza horiek egitea”. Horri lotuta, baztertu du hiruzpalau ekintzak osatutako jai-egitaraua egitea. “Gure ustez, ez lirateke jaiak izango eta, gainera, ezin dira herriko jaiak iragarri, baina gero ekitaldi nagusirik ez egon”.

Loiuko alkateak webgunean jakinarazi duen moduan, “jaietara bideratu ohi den diru-partida erabiliko da herritarrei laguntzeko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).