Azaldu dutenaren arabera, langileek hilabeteak daramatzate ahalegin handia egiten eta aireportuko maiztasuna biderkatzen. “Lan-maila horri eutsi ahal izan zaio, pandemia dela-eta bidaiari gutxi egon delako. Gaur egun, berriz, AENAko langileak % 100ean dabiltza lanean eta oporrak direla-eta askoz bidari gehiago dago aireportuan. Udako hilabeteetan normaltasuna egongo dela aurreikusi da; hala ere, langileek jarraitzen dute pandemiaren aurretik baino ordu gutxiago egiten”.
ELAren esanetan, sindikatuen ordezkariek enpresari zein AENAri eskatu diete lanorduen % 100 berreskuratzeko, eta kasu bietan ezetz erantzun dute. Hori dela-eta erabaki dute lanuzteetara deitzea. “Ulertzen dugu bidaiariengan sor daitekeen deserosotasuna, baina babesa eta elkartasuna eskatzen dugu”.