Herriko Plaza berrituko dute Loiun

a: josuandoni.eus 2021ko urr. 26a, 12:51

Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak bere webgunean jakinarazi duenez, Herriko Plaza denboraren poderioz hondatu da eta horregatik hura goitik behera berritzeko asmoa dute. Diseinu berria aukeratzeko, ideien lehiaketa egin dute eta proposamen irabazlea “aurkeztutakoen berritzaileena eta modernoena da”. Helburua da, hortaz, plaza modernoagoa, erosoagoa eta erabilgarriagoa izatea, bertan izaera anitzeko ekimenak egin ahal izateko.

Azaldutakoaren arabera, gune garbia eta erraz antzeman daitekeena atonduko da eta erdigunean udaletxea egongo da. Perimetroan banku luzeak eta eskailera-mailak ipiniko dira, eta plazarako sarbideak hobetu. Horretarako, besteak beste, arrapala bat egingo da Herriko Plaza eta Aronsotegi Plaza lotzeko, eta arrapalek eta eskailera-mailek osatutako multzo arkitektonikoa ipiniko da, frontoira eta inguruan egingo den gimnasiora joateko. “Plaza inguruan integratuko da eta irisgarritasun-arazoak konponduko dira. Leku publikoa ere handituko da”. Halaber, plazako harresia botako da eta bere ordez berdegunea atonduko da. Bestalde, giro-argiez gainera, zutoi elektriko berri bat eta zutabe proiektoredunak ipiniko dira plazan egingo diren ekitaldiei begira.

Begoñaren hitzetan, Herriko Plazan hainbat ekintza egiten dira, hala nola musika-saioak, gastronomia-ekitaldiak, jaiak eta autoen munduari lotutako ekitaldiak. “Aurkezpen- eta harrera-gutuna da plaza, bai auzotarrentzat, bai bisitarientzat. Plaza sinbolikoki zabalduko da Loiuko bizitzan parte hartu nahi dutenentzat”. Webgunean idatzi duenez, nahi dute proiektua “pizgarria izatea Loiuko erdigunerako eta plazaren inguruan ipintzen ari diren proiektuen mailan egon dadila. Proiektu horien artean daude gimnasio berria, Erdi Aroko gaztelua, splaspark-a eta Antzokia”.