Ramon Juste, munduko zientzialari entzutetsuenetakoa da, Stanforden arabera

Aikor aldizkaria 2021ko urr. 28a, 13:06

Stanford Unibertsitateak Ramon Juste loiuztarra bigarrenez sartu du munduko zientzialarien entzutetsuenen zerrendan. Juste doktorea NEIKEReko Animalia Osasuneko Departamentuko ikertzailea da eta berarekin batera beste lankide bi daude rankingean: Carlos Garbisu doktorea, erakundearen egungo zuzendari zientifikoa, eta Ana Hurtado doktorea, erakundearen Animalia Osasuneko Departamentuko ikertzailea.

Justek animalien osasunaren inguruan garatu du bere jarduera zientifikoa eta gehienbat mikrobakterioak aztertu ditu. Era berean, eraginkortasun epidemiologikoaren eta ekonomiaren lehen eredu matematikoa garatu du paratuberkulosia kontrolatzeko, eta txertaketaren babes espezifikoa eta ez espezifikoa frogatu du. Gaur egun, iker-lanetan dabil hanturazko gaixotasun motelen sortzetiko immunitate-mekanismo komuna zein den argitzeko eta hori immunoterapia aktiboaren bidezko kontrolean ezartzeko.   

NEIKERen hitzetan, aitortzak “erakundearen bikaintasun zientifikoa” uzten du agerian, eta, gainera, merezitakoa da, besteak beste, bi alderdi kontuan hartzen badira: alde batetik, zerrendan dauden beste zentro batzuekin alderatuta NEIKER ikertzaile-kopuru txikia duela; eta bestetik, ikerketa-lana Euskadiko lehen sektorearekin partekatzen duela, horri balio erantsia ekartzeko eta bere lehiakortasuna hobetzeko.   

Erlazionatuak

Munduko ikertzailerik onenetarikoa

Aikor aldizkaria 2021 api 21 Loiu