Aireportuko urruneko hegazkineratze-guneak handitu dira, eta izena aldatu

Aikor aldizkaria 2022ko urt. 25a, 13:33

AENAk jakinarazi duenez, 1.400 metro koadro gehitu dizkiete urruneko hegazkineratzeko guneei. Handitzea terminaleko beheko solairuan egin da eta “urruneko hegazkineratzeko guneak erabiltzen dituzten bidaiariek eskura izango dituzte areto zabalak, erabilera askotakoak eta argitsuak. Gune horietan ipiniko dira lan egiteko mahaiak, entxufeak eta USB harguneak, vending makinak eta komunak”. Esandako metro koadroetan bulegoak eta biltegiak zeuden lehen.

Bestalde, hegazkineratzeko ateak adierazteko modua ere aldatu da: zenbakien ordez letra eta zenbakia ipini dira. Hortaz, hegazkineratzeko igarobideei (fingerrak) lotutako ateak dagoeneko ez dira 1, 2, 3, 4, 5 eta 6 zenbakiak erabilita adierazten, baizik eta A11, A12, A13, B14, B15 eta B16. Era berean, 7, 8 eta 9 urruneko hegazkineratze-guneak izango dira C21, C22, C23 eta C24, eta 10, 11 eta 12 ateak izango dira D31, D32, D33 eta D34. Gainera, gune bakoitza kolore bat erabilita adierazi da.