Loiu Fest musika-jaialdia izango da apirilaren 16an

a: Edward Eyer (Pexels) 2022ko mar. 29a, 11:38

Loiuko Udalak Loiu Fest musika-jaialdia antolatu du apirilaren 16rako. Jaialdian, musika-talde hauek hartuko dute parte: Luhartz, My Bastard Friend, Lowe, Tequilas eta Lehian. Jaialdia 12:00etatik 22:00etara izango da eta musika talde bakoitzak kontzertua egingo du herriko taberna edo jatetxe batean.

Zehatz-mehatz, zirkuito hau prestatu dute: 12:00etan, My Bastard Friend, Toki Onan (Larrondo); 14:00etan, Tequilas, Nagusien Etxean (Zabaloetxe); 16:00etan, Lehian, Batzokian (Zabaloetxe); 18:00etan, Lowe, Sagardotegian (Zabaloetxe); eta 20:00etan, Luhartz, Gozko Etxean (Lauroeta).

Udalak jakinarazi duenez, doako autobus-zerbitzua egongo da, entzuleak leku batetik bestera eramateko. Autobusa 11:30etik aurrera izango da martxan (Larrondo-Zabaloetxe-Lauroeta) eta hurrengo bereizgarri hau edukiko du: LOIU FEST.       

Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak bere webgunean idatzi duen moduan, ekimenaren helburua da “udalerria girotzea eta ostalariei laguntzea, pandemiaren eraginez txarto pasatu baitute azken bi urteetan”. Gainera, azpimarratu du Aste Santua tartean herritar asko kanpora aterako direla eta Loiun mugimendu gutxi egongo dela. “Herria bizirik eta establezimenduak irekita eduki nahi baditugu, uneoro babestu eta zaindu behar ditugu. Eta oporretan, bizilagun asko joaten direnean, egun zailak izaten dira”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).