Beste Birako atletak izango dira proba konbinatuen finalean

Aikor aldizkaria 2022ko api. 28a, 10:53

Zapatuan, apirilak 30, Proba Konbinatuen Bizkaiko Txapelketaren finalak izango dira Zorrotzan. Beste Bira atletismo klubak jakinarazi duenez, bere kirolari bi bertan izango dira kimu kategorian: Zion Uria eta Harriet Aketxe. “Egindako ahaleginaren saria da, final horretan egotea ez baita erraza. Denboraldian hainbat proba egin behar izan dituzte eta lortutako puntuazioari esker sartu dira rankingean”, azaldu dute Txorierriko atletismo-klubaren ordezkariek.

a: Harriet Aketxe

“Harriet batez ere abiadura-proban gailendu da eta Bizkaiko hirugarrena izan da bere kategorian. Zion, bestalde, iraupen-lasterketetan nagusitu ohi da, baina harrituta utzi gaitu guztiok, pisu-jaurtiketan laugarrena izan da eta. Zapatuan 12 atleta ibiliko dira norgehiagoka, eta ea itxaron beharko da gure kirolarien emaitza ezagutu arte… Hiru proba egin beharko dituzte: 60 metroak, luzera-jauzia eta pisua”.

a: Zion Uria

Bestalde, klubak azpimarratu du 18 urtetik azpiko kategorian Iuri Ortiz de Anda egiten dabilen lana. “Denboraldi ederra egiten dabil, iraupen-lasterketetan espezializatuz eta distantzia-probetan saiatuz. Orain dela aste batzuk Bizkaiko laugarrena izan zen iraupen-lasterketen txapelketa, eta Euskadiko txapelketan parte hartzeko entrenatzen dabil. Hori maiatzaren 7an izango da”.

a: Igor Barcia, Beste Birako presidentea, eta Iuri Ortiz de Anda

Beste Birak bere kirolariekin lanean jarraitzen du, “guztiek ondo pasatzeko, atletismoari esker ikasi dezaten eta euren helburua lotuz joan daitezen”.  

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).