Loiuko Udalak herriko nagusiak Benidormera eramango ditu

Aikor aldizkaria 2022ko urr. 7a, 12:45
a: www.comunitatvalenciana.com

Loiuko Udalak Benidormerako bidaia (Alacant) eskaini die herriko nagusiei. Oporrak azaroaren 10etik 18ra bitartean izango dira eta izena emateko epea urriko 10etik 20ra bitartean egongo da zabalik. Horretarako, udaletxera joan behar da goizez, 8:30etik 13:30era. Eskaintza mugatua da (bakarrik 40 laguni zuzenduta), eta bidaiarien zerrenda eskaerak etorri ahala osatuko da.

Udalak baldintza bi jarri dizkie interesatuei: bata, 65 urte baino gehiago izatea; bestea, Loiun erroldatua izatea. Bidaia hegazkinez egingo da eta loiuztarrek Benidormen Prince Park hotelean egingo dute lo mantenu osoan. Udalaren esanetan, hotelak kokapena ederra du, herrigunetik 500 metrora. Herritar bakoitzak 145 euro ordaindu behar izango ditu; berarekin batera Loiuko senideren bat joaten bada eta hori 65 urte baino gazteagoa bada, aldiz, 290 euro.

Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak bere blogean esan duen bezala, Udalak nagusien alde egiten du lan. “Iaz, Nagusien Etxea berritu genuen; era berean, Larrondon, jubilatuen gela ere atondu dugu. Eta dena biribiltzeko, bidaia antolatu dugu Benidormera. Azken bidaia 2019an egin genuen”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).