Josu Andoni Begoña berriro aurkeztuko da Loiuko alkatetzara

Aikor aldizkaria 2022ko aza. 25a, 11:12

Loiuko EAJ-PNVren uri batzarrak prentsa-ohar batean jakinarazi duenez, Josu Andoni Begoña, Loiuko gaur egungo alkatea, berriro izango da EAJren Loiuko alkategaia 2023ko maiatzeko hauteskundeetarako. Begoñak 2015ean hartu zuen udaleko aginte-makila eta, azaldutakoaren arabera, “harrezkero egindako lanagatik eta erakutsitako hurbiltasunagatik eta entzute aktiboagatik” konfiantza berrestu dute berarengan.  

Begoñak esker ona adierazi die alderdikideei eta erakundeari. “Loiu buruan eta bihotzean daramat egun guztietan, eta gogotsu eta ilusioz onartzen dut gure udalerria eraldatzeko erronka. Bihotzez maite duzun herriko alkatea izatea baino ohore handiagorik ez dago. Jarraituko dugu egunero lan egiten loiuztarren alde”, esan du.

Loiuko EAJren hitzetan, Begoña pertsona “hurbila da, herritarren iradokizunei eta proposamenei erantzuten diena eta oposizioarekin negoziatzeko gaitasun handia duena”. Era berean, “karisma, lidergoa eta lan egiteko gaitasun handia” duela azaldu, eta azpimarratu dute udal-administrazioan eskarmentu handia duela, “Loiuko Udalean ez ezik Txorierriko Mankomunitateko presidente gisa ere”.  Sinetsita daude “udalerriak aurrera egiten jarraitu dezan, Begoña dela lantalde berria lideratzeko Loiuk behar duen pertsona”, eta azken urteetan gauzatutako proiektuak zerrendatu dituzte, hala nola etxebizitza-planerako aireportu-baimenak lortzea, haurreskolaren lanak hastea eta auzoetako argiteria publikoa aldatzea.  

Josu Andoni Begoñak (1976) irakasle-ikasketak eta Zuzenbidea egin zituen. 2022tik da EAJko kidea eta Euzko Gaztedi-EGIko Kontseilu Nazionaleko kidea izan zen. Kirolzalea eta musikazalea, bateria ere jotzen du. “Familiarekin eta lagunekin egotea gozatzen du, eta haiekin denbora gehiena ematen du Loiuko kale eta plazetan”, aipatu dute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).