Loiuk 5 milioi euroko aurrekontuak onartu ditu 2023rako

Aikor aldizkaria 2022ko abenduaren 5a

Josu Andoni Begoñak Loiuko alkateak bere webgunean jakinarazi duenez, EAJren eta EH Bilduren aldeko botoei esker, aho batez onartu dituzte 2023rako presupuestoak: bost milioi euro. Begoñaren esanetan, aurrekontu arduratsuak eta errealistak dira eta erdigunean pertsonak dituzte.

Horrela, bada, diru-partidak handitu dira hurrengo esparru hauetan: gizarte-ekintzan, etxeko laguntzan, prestazio osagarrietan eta lan programetan; eta diru-laguntza berria sortu da energiaren harira. Gainera, udal-tasak eta -zergak bere horretan utzi dituzte. “Helburua da lanean jarraitzea Loiu erakargarria, modernoa eta jasangarria izateko. Hala ere, nazioarteko egoera eta datu makroekonomikoen ziurgabetasuna direla eta, euste-aurrekontuak dira, eta lehentasuna pertsonei eta gizarte-arloari eman diegu”.

Bestalde, adierazi moduan, hainbat proiektu egingo dira herriko auzoetan. Haien artean aipagarriak dira Zabaloetxeko bihurguneak; Lauroetako haurreskolaren ondoko espaloia eta parkinga urbanizatzea; Zabaloetxeko Etxebizitza Plana; Landatxuetako, Kukuluseko eta Lauroetako herri-argiak; Zabaloetxeko igerilekuak; Larrondoko belar artifizialezko futbol-zelaia; hondakinak batzea eta kaleak garbitzea; eta kultura-, gizarte- eta kirol-plana. Gainera, elkarte guztien dirulaguntza % 10 handituko da.  

Begoñaren esanetan, Loiuko 2023rako aurrekontuak dira inoizkorik handienak. “Gobernu-taldearen, Ekonomia Arloaren eta udal-teknikari guztien lanari esker ahal izan dugu urte gutxian aurrekontuak handitzea eta, hortaz, udalaren ekonomia-birika handitzea”.