Loiuko aireportua Europako bigarren postuan sailkatu dute

Aikor aldizkaria 2023ko urt. 5a, 10:41

AirHelp bidaiarien eskubideak babesteko elkarteak munduko aireportuak eta hegazkin-konpainiak sailkatzen ditu urtero eta, horren arabera, Loiuko aireportua Europako bigarrena da; eta munduko 24.a. AirHelp elkarteak 2015etik egiten du sailkapena eta hori osatzeko hainbat irizpide hartzen ditu kontuan, bidaiarien ongizatearen mesedeetan: zerbitzuen bikaintasuna, puntualtasuna, erreklamazioak zelan kudeatzen diren eta jatetxeen eta denden kalitatea.  

Loiuko aireportuak 8,05eko puntuazio orokorra lortu du: 8,39, puntualtasunarengatik; 7,81, erabiltzaileen iritziarengatik; eta 7,28, dendengatik eta jatetxeengatik. Estatu mailan, Madrilgoak lortu du puntuaziorik handiena, 8,25, eta horri esker, Europako onena ere bada, baita munduko hamabigarrena ere. Estatuko bigarrena Loiukoa da eta hirugarrena, Bartzelonakoa, munduko 53.a, alegia. Valentziako, Alacanteko, Eivissako eta Palma Mallorcako aireportuek ere nota onak jaso dituzte.   

Era berean, sailkapen horren arabera, Tokio Hanedakoa (Japonia) da munduko aireporturik onena, 8,83ko nota lortu duelako. Bere atzean, Recife hirikoa (Brasil) eta Tokio Naritakoa (Japonia) sailkatu dituzte. Beraz, Japoniako aireportu bi munduko hiru onenen artean daude; eta Brasilgo bost, munduko 12 aireporturik onenen artean.