Argazkiek genero-berdintasuna adierazi behar dute eta edozein esparrutakoak izan daitezke: etxeko eta familiako lanak, indarkeria matxistaren aurkakoak, kirolari lotutakoak, lanekoak… Era berean, era guztietako teknikak eta estiloak erabili daitezke –zuri-beltzean, kolorez…–, eta Photoshop edo beste programa batzuekin editatu. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez argazki bat aurkeztu ahalko du aurreko lerroetan esandako epean eta moduan. Era berean, formulario bat bete beharko da, eta argazkiari izenburua ipini.
Argazki originala izan beharko da, beste inon aurkeztu gabea, Interneten eskegi gabea eta inprimatu gabea. Edozein motatako argazki-kamerak erabili ahalko dira argazkia egiteko, baita telefono mugikorra ere. Ez da onartuko gutxieneko kalitatea ez duen irudirik edo legearen aurkako edukiak dituen argazkirik. Epaimahaia osatuko dute Berdintasuneko zinegotziak, kultura-teknikariak eta berdintasunean, argazkigintzan eta diseinuan adituak diren pertsonek. Erabakia hartzeko, kontuan izan dituzte kreatibitatea, teknika eta genero-berdintasunari eta sexu-aniztasunari lotutako balio pedagogikoa eta kontzientziazio-balioa. Irabazleak 200 euro jasoko ditu saritzat; 150 euro, bigarrenak; eta 100 euro, hirugarrenak.