Iraia Iturregik emakumezkoen taldea utziko du eta Baskoniako talde teknikoan sartuko da

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 1a, 12:57

Iraia Iturregi loiuztarrak Athleticen emakumezkoen taldearen entrenatzailea izateari utziko dio datorren denboraldian. Hala ere, jarraituko du talde zuri-gorrian: Baskonia gizonezkoen taldeko Bittor Llopis entrenatzailearen laguntzailea izango baita. Iturregi aitzindaria izan da beti Athleticen: lehen emakumea izan da emakumezkoen taldea zuzentzen; eta datorren urtean gizonezkoen talde bateko lehen emakume teknikaria izango da.

“Denbora luzea eman dut horren inguruan pentsatzen. Hogei urte daramatzat Athleticen emakumezkoen taldean: hasieran, jokalari; geroago, entrenatzaile beheko mailetan; eta azkenik, lehenengo taldean... Unea da pausotxo bat aldera egiteko. Erabakia klubari jakinarazi nionean, Lezaman jarraitzea eskatu zidaten, Baskonia taldean, hain zuzen”, adierazi dio Iturregik klubaren kanalari. Iturregik ilusio handia adierazi du eta, bere eskarmentuaz baliatuta, ekarpen polita egitea espero du.

Iturregik hiru urte eman ditu Athleticen emakumezkoen taldeko entrenatzaile. Loiuztarrak emaitza onak lortu zituen bigarren taldean, eta Ángel Villacampa ordezkatu zuen lehenengo taldearen eserlekuan. Bere zuzendaritzapean, emakumezkoen taldeak ez du ibilbide bikainik egin. Iaz, zazpigarren postuan gelditu ziren, lortutako sailkapenik onena; eta aurten, hamargarren postuan. Hala ere, Iturregiren eskutik taldea erabat berritu da: jokalari nagusi batzuek taldea utzi dute eta entrenatzaileak gazteei eman die lehenengo mailan jokatzeko aukera. “Itxaropentsu nabil emakumezkoen taldearekin: aurten jokalari gazte askok jokatu dute eta nik uste dut horiek prest daudela zaletuei poz handia ekartzeko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).