Gaizka Larrabazalek Portugaleko Lehenengo Mailan jokatuko du datorren denboraldian

Aikor aldizkaria 2023ko uzt. 4a, 14:24

Gaizka Larrazabal futbolari loiuztarrak hiru urteko kontratua sinatu du Casa Pia Atlético Clube taldearekin. Klubak ez du bere webgunean oraindik iragarri, baina fitxaketa Twitterren bidez jakinarazi du. Casa Pia taldea Lisboan dago, Portugaleko hiriburuan, eta Lehenengo Mailan dabil jokatzen. Datorren urtean, beraz, loiuztarra besteak beste Benfica, Porto eta Sporting talde handienen kontra arituko da.

Larrazabalek 25 urte ditu eta talde portugaldarra bere ibilbide profesionalaren laugarrena izango da. Loiuztarra Athleticen hasi zen. Talde zuri-gorrian 2019an egin zuen debuta, baina jokatzeko aukera gutxi izan zuen Bilbon, bakarrik 11 partida jokatu baitzituen. 2020an, Bigarren Mailako Zaragoza taldeak fitxatu zuen. Azken lau urteotan Aragoi aldean ibili da eta guztira 54 partida jokatu ditu bertan. Denboraldi batean, 2021ean, Amorebieta taldean jokatu zuen, Zaragozak lagata.

Datorren urterako kontratua bazuen Zaragozarekin, baina klubak eta jokalariak adostu zuten kontratua bertan bera uztea eta eskaintzen artean, Larrazabalek Casa Piarena aukeratu du. Lisboako kluba 1920ean sortu zen eta antzarak esaten zaizkie. Kamiseta beltza da eta normalean beheko mailetan ibili da. 2021-2022ko denboraldian bigarren aldiz igo zen Lehenengo Mailara eta iaz mailari eutsi zion. Iazko jokalariak ez dira oso ezagunak: Yan Eteki erdilari kamerundarrak Granada taldean jokatu zuen; eta Rafael Martins aurrelariak, Levante taldean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).