Kultura Asteburua hirugarren aldiz egingo da aurten. “Urtez urte gero eta jende gehiagok parte hartu du ekintzetan, eta horrek argi uzten du ekitaldiak herrian duen arrakasta”. Ekintzak udaletxeko plazan izango dira, eta lehenengo aldiz sukalki txapelketa egongo da zapatuan: izena ematea 12:00etan egin behar da, eta kazolak 14:30ean aurkeztu. “Herritarrak gastronomiaren inguruan elkartzeko aukera berri bat sortu nahi izan dugu, izan ere, horrelako ekimenek balio dute herriko koadrilak mahaiaren inguruan biltzeko eta komunitatea indartzeko. Azken batean, elkarrekin sukaldean ibiltzeak eta kultura gastronomikoa partekatzeak ere indartzen dute gure herri-nortasuna”.
Bestalde, herriko artisten lanak ikusgai ipiniko dira Kultur Etxean, 12:30etik 20:00etara. “Aurreko edizioetan parte hartu duten artistek aurten ere erakutsiko dizkigute euren lana, Kultura Asteburuaren bidez dagoeneko sare ederra osatu dugu eta. Hala ere, parte-hartzea irekia da, eta artista berriak ere gonbidatu nahi ditugu. Funtsezkotzat dugu herriko sormenari bultzada ematea eta artea gure egunerokoaren parte izatea. Kulturaren aldeko apustu irmoa egiten dugu, eta artista guztiei egiten diegu parte hartzeko deia!”. Horri lotuta, zuzeneko arte-erakustaldia egongo da 15:00etatik aurrera plazan. “Batzuk euren obrak sortuko dituzte zuzenean, artea sortzeko prozesua gertutik ikusteko aukera eskainiz”.
Txapelketaren sariak 18:00etan banatuko dituzte, eta eguna biribiltzeko, Taberna Ibiltariaren musika-saioa izango da 20:30ean. Domekan, herriko artisten lanak erakusgai egongo dira 12:30etik 14:00etara. “Aurreko edizioetan izandako harrera beroa eta arrakasta ikusita, aurten ere herritarrek parte hartzea eta kulturaz gozatzea espero dugu. Asteburu horretan gure herriko artea eta sormena ospatuko ditugu, eta parte hartzeko deia egiten dugu: guztiontzako ekitaldia da, kultura guztion artean eraikitzen dugulako! Eguraldiak laguntzen badu, gure esku dago gainerako guztia, ilusioa eta gogoa ez baitira faltako”.