120 motozalek hitzordua izan zuten Loiun

Aikor aldizkaria 2025ko api. 15a, 13:59

Zapatuan, apirilak 12, Loiuko XII. Motor Kontzentrazioa egin zen Zabaloetxen, Txori Bikers herriko motozaleen taldeak antolatuta. Eguraldia lagun izan zen goizean, eta Loiun 120 motozale batu ziren Txori Bikersek prestatutako ekintzetan parte hartzeko. Besteak beste, errepidera atera ziren eta ibilbidea egin zuten ingurutik, eta hamaiketakoa dastatu ahal izan zuten herriko ostalaritza-establezimendu batean. Taberna-ibilbidea ere egin zuten, eta frontoian paella erraldoi eta goxo bat gozatu ahal izan zuten.

Eguraldiak, hala ere, okerrera egin zuen arratsaldean, eta bertan behera utzi behar izan zituzten joko moteroak. Nolanahi ere, zozketak egin zituzten, eta kontzertua ere izan zen. Musika-taldeak udaletxeko arkupean topatu zuten euritik babesteko gunea, eta plazan karpa batzuk ipini ziren ikusleentzat. Dena dela, Txori Bikers taldeak balorazio positiboa egin du ekintzari eta parte-hartzeari buruz, eta azpimarratu du motor kontzentrazioa oso arrakastatsua izaten dela eta antolakuntza aldetik oso ahalegin handia egiten dela, ekintza guztiak ondo ateratzeko eta parte-hartzaileak gustura sentitzeko. Aurten, esaterako, gehienbat Bizkaiko motozaleak batu dira Loiun, baina Kantabriatik etorritakoak ere egon dira. Gainera, motozaleak ez ezik, herritar asko ere hurbiltzen dira egunean zehar egiten diren ekintzetara, erakargarriak eta dibertigarriak izaten dira eta.