Ekainaren 4tik zeramatzaten Loiuko FCC Aqualiako langileek greban, beren lan baldintzak hobetzeko, baina akordiorik ez dute lortu, LAB sindikatuak adierazi duenez. Hori dela eta, uztailaren hasieran greba mugagabeari ekin diote.
FCC Aqualia Bilbao Bizkaiko Ur Patzuergoaren azpikontrata bat da, baina beste bi enpresa daude Bizkaia osoa hornitzeko. LAB sindikatuak salatzen duenez, Loiun aritzen diren langileen lan baldintzak besteenak baina txarragoak dira: “Espainiako estatuko hitzarmena dute. Ondorioz, bertako langileen lan baldintzak askoz ere okerragoak dira. Soldata taulak konparatuz gero, %50 eko aldea dago, gutxi gorabehera”. Horregatik, ekiparazioa eskatzen diote zuzendaritzari.
Uztailaren 1ean greba mugagabea hasi zuten, eta Bilbao Bizkaiko Ur Patzuergoaren aurrean elkarretaratzea egin zuten, dei egiten baitiote gatazka honetan ardura politikoa har dezan eta bitartekari lanetan aritu dadin, “2026an indarrean jarriko den pleguan lan baldintzak parekatzeko”.
Bestalde, langileek salatu dute enpresak ez dituela bete greba egunetarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak eta, gainera, greba eskubidea urratu duela. Hori dela eta, salaketa formala aurkeztu dute Lan Ikuskaritzan eta Eusko Jaurlaritzako Lan Sailean.