Loiuko Udalak 400 etxebizitza eraikiko ditu Hariztondo-Txiline eremuan, Bilboko Aireportua kudeatzen duten erakundeen oniritzia jaso ondoren. Hau da, hainbat urtetako blokeoaren ondoren, Aena, Aesa eta Enaire erakundeen oniritzia ez ezik, Garraio Ministerioaren eta Abiazio Zibilaren oniritzia ere lortu du. Orain arte alboratuta izan dute proiektua, “aireportutik gertu zegoelako eta emisio akustikoen eraginpeko eremua zelako”.
Hariztondo Txilineko eremuak 157.000 metro koadroko azalera dauka, eta hirigintza proiektu horren ondorioz herriko etxebizitza parkea %39 haziko da. Etxebizitza horien artean etxebizitza babestuak, alokairu sozialekoak eta libreak egongo direla aurreratu dute.
Loiuko gobernu taldeak mugarri historikotzat jo du: “Urteetako lan arduratsu eta etengabearen emaitza da, gure herriko benetako behar bati erantzuteko eta Loiuko familientzat aukera berriak zabaltzeko. Aurrerapauso handia da, ikuspegiarekin, seriotasunarekin eta herriaren aldeko konpromisoarekin lan egiten denean lor daitekeena”.