"Korrika egiteko ez duzu ezer behar, zapatilak bakarrik, beraz, edozeinentzako kirola da”. Virginia Berasategik, Cinthya Moreirak, Gartze Mentxakak, Patricia Eubak eta Olivia Gotek osatzen dute taldea. Urtarrilaren 13an, Ortuellako Euskadiko Krosa Txapelketan parte hartu zuten talde moduan lehen aldiz. Laugarren postua eskuratu zuten. Urtarrilaren 25ean, Muskizeko Master Txapelketan bigarren postua lortu zuten.
Master kategorian lehiatzen dute, hau da, guztiek 35 urte baino gehiago dituzte. Nagusiena Berasategi da. Adina bestelakoa bada ere, oraindik, zelan ez, erreferentzialtasun hori mantentzen du. Bere kirol ibilbidean dominak ditu Europako zein Munduko Txapelketetan triatloi eta ironman modalitateetan. Zergatik sar-tzen da orain horrelakoetan? “Motibazio berri bat da, ez nuen zalantzarik izan baiezkoa ematerakoan”. 13 urte zeramatzan krosean aritu barik, txikitatik atletismoan eta krosean aritu bada ere, hemen ere Bizkaiko eta Euskadiko txapeldun izan da, maila guztietan. Berasategi urte askotan bizi izan da Sondikan, eta harreman zuzena zeukan Beste Birako kide batzuekin, gizonezkoak kasu honetan. “Beti gustatu zait korrika egitea, lehiatzen nuenean ere kalitatezko entrenamenduak eskaintzen zizkidan”.
Mentxakak Zamudioko Parke Teknologikoan egiten du lan eta bertako pistan elkartzen den taldearekin hasi zen entrenatzen. Talde baten parte izatearen garrantzia azpimarratu du eta klub bat ordezkatzerakoan, lasterketek “bestelako dimentsio bat” hartzen dutela dio. Goten fitxaketa ahoz ahokoa izan zen. “Sondika, eta oro har Txorierri, nahiko txikia da eta elkar ezagutzen gara asko, beraz, ez zen zaila izan kobentzitzea”. Korrika egitera “osasunagatik” ateratzetik txapelketetan parte hartzera ailegatu da. “Ez zidaten inolako presiorik jarri Beste Biratik, helburu nagusia emakumeen taldea ateratzea zen”. Gainera, Goten kasuan, bere lehendabiziko krosa zen, ez zuen ordura arte inoiz probatu. “Gustatu zitzaidan eta motibazio iturri berri bat izan da niretzako. Ez du zerikusirik edozein egunetan korrika egitera ateratzearekin, fisikoki gogorragoa da”.
“Garrantzitsua da neska gehiago aurkitzea, horrela parte hartze zabalagoa eskuratu dezakegu”
Moreira izan zen Beste Bira klubeko lehen emakumea, bi urte daramatza taldean, baina onartu du lehen aldiz emakumeen taldea ordezkatzeak “ilusio berezia” sortu ziola. “Garrantzitsua da gero eta neska gehiago aurkitzea, horrela parte hartze zabalagoa eskuratu dezakegu, gero eta gehiago izan, hobeto”.
Ortuellako krosean elkar ezagutu ziren lehen aldiz, “ordura arte ez ginen ezagutzen”. Hasieratik bizi izan duten “giro bikaina” azpimarratu dute eta emaitzak ere alde izan dituzte. Oraindik ez dute ezta aurreikuspenik ere egin. Aurten, urtarrilean hasi ziren, hau da, kros denboraldian amaitzen dagoela, beraz, urrian hasiko den hurrengo sasoia oraindik urrun ikusten dute. Hala ere, bestelako lasterketetan ere parte hartzen dute eta bertan elkartzen dira.
Zelan ez, guztiek Berasategiren figura nabarmendu dute. “Plazera” edota “ohorea” izan dira taldekideek esan dituzten hitzetako batzuk. Profesional ohiak ere esker oneko hitzak bakarrik izan ditu, “ilusioa” piztu zaio berriro bare barnean Beste Birako nesken talde berriarekin. “Nire helburua taldea egitea eta ondo pasatzea da”.
Denek ala denek zerbaiten parte nahi izatea azpimarratu dute. Azkenean, korrikalariak nahiko bakartiak dira, eta taldeka lehiatzerakoan aldatu egiten da pertzepzioa. Atzean geratu dira markak lortzeko helburuak, gainditu nahi duten marka bakarra gero eta emakume gehiago taldera batzea da. Horrez gain, zaila bada ere, “bakoitzak bere egoera dauka eta zaila bat bat egitea”, noizbehinka batera entrenatu nahi dute.

