Loiuko EAJk Josu Andoni Begoña Fernandez de Arroiabe aukeratu du berriro Alkatetzarako hautagai datozen udal hauteskundeei begira. Azken urteetan egindako lana goraipatu dute eta “herritarren ongizatea udal jardueren erdigunean kokatu duen proiektuari jarraipena ematearen aldeko apustua egin du”. Alderdi jeltzalearen ustez, Loiuk “aurrerapauso garrantzitsuak” eman ditu eta oinarri sendoak jarri ditu udalerriaren beharrei erantzuten jarraitzeko.
“Ohore bat da nire lankideen konfiantza berriz jasotzea, maite dudan eta hazi naizen herriaren alde lanean jarraitzeko. Loiurentzat oso garrantzitsua den eraldaketa batean murgilduta gaude. Transformazio proiektu honekin Loiu berri bat eraikitzen ari gara, hurbilagoa, parte-hartzaileagoa eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatua. Urrats oso garrantzitsuak eman ditugu, baina oraindik proiektu ilusionagarri asko daude garatzeko” esan du alkategaiak.