Bertso saio historikoa, Arbildua Jai Batzordearen 50. urteurrenean

Mikel Reina Barros

Mikel Deuna Jaiak ospatu dituzte aurten ere Loiuko Laurotan. Baina aurtengoak bereziak izan dira, Arbildua Jai Batzordeak 50 urte bete baititu. Ospakizun modura, Mikel Deuna eguneko bertso saioa historikotzat jo dute. Hori bai, “errelebo falta” nabaritzen dute.

Hain zuzen ere, asteburuko egitaraua arrakastatsua izan bazen ere, martitzenean, irailak 29, elkartu zen jenderik gehien. Jendetza elkartu zen bertso saioaz gozatzeko, bertsolariak ere goi mailakoak ziren: Etxahun Lekue, Igor Elortza, Oihana Bartra, Onintza Enbeita edota Xabi Paia. Hori gutxi ez, eta beteranoagoek ere parte hartu zuten, Xabier Amurizak, esate baterako.

“Giro oso polita sortu zen, beterano asko etorri zrein eta guztien artean aspaldian ez ikusitako jendetza elkartu zen. Ezin hobeto joan zen, eta izenengatik jende asko erakartzea lortu genuen”, azaldu dute antolatzaileek. Ordu eta erdiko bertso saioa eskaini zuten bertaratu zirenen gozamenerako.

50 urte daramatza Arbildua Jai Batzordeak horrela, eta jarraikortasuna emateko esperantzarekin. Hori bai, “errelebo falta” nabaritzen dute: “Ostera ere gero eta indartsuago gaude, bertakoek eta ingurukoek asko estimatzen duten jaiak dira, bertso saioak, adibidez, sona handia dauka. Baina gazteen laguntza gehiago behar dugu, ez dira errez 50 urte betetzen”.

Aurten bai eskertu dutela Loiuko Bakarrak gazte taldearen laguntza, batez ere txosna antolatzeko orduan: “Barraren beste aldean egotearekin azkenean aspertuta amaitzen duzu, horregatik eskertzen dugu gazteen parte hartzea eta laguntza”. Horrela jarraitu nahi dute, posible bada, beste 50 urtez.