Loiu, Bizkaia Kirolur 2026ko bigarren udalerririk aktiboena

Mikel Reina Barros

Laukizek irabazi du Kirolur 2026 erronka eta Loiu 5 puntura geratu da sailkapen orokorrean. Horrenbestez, sailkapen guztiak kontuan hartuta 4.800 euro irabazi ditu udalerriak. Sariari esker, baloiak, sareak eta bestelako baliabideak eskuratu ahal izango dira kluben eguneroko jarduera sostengatzeko eta udalerrietan kirola egiten jarraitzeari begirako aukera berriak sortzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak Kirolur 2026 amaitu berri du. Bizkaia Kirolaren Europako Lurralde izendatua izan den urte berezi honen harira jarri zen abian udalerrien arteko kirol liga. 

Kirolur hiru epetan osatu dute: udaberrian, apirilaren 15etik maiatzaren 15era; udan, ekainaren 15etik uztailaren 15era, eta udazkenean, irailaren 23tik urriaren 23ra. Parte hartu duen udalerri bakoitzak ekipo bat osatu du eta puntuak batu ditu herritarrek aplikazio mugikor baten bidez erregistratutako kilometro aktiboetatik abiatuta. Sailkapenean biztanleriaren araberako haztapen bat txertatu da, tamaina desberdineko udalerrien artean lehiaketa orekatzeko.

Kirolur 2026ko azken etapan, udazkenean, Laukizek hartu du lehen postua, 1.207.453 punturekin. Haren atzetik, Loiu (923.386 puntu) eta Karrantza (587.390 puntu). Udaberrian, udan eta udazkenean lortutako emaitzak batu ondoren, Laukizko udalerria izan da Kirolur 2026ko udalerririk aktiboena, guztira 70 puntu lortuta, 5 puntura geratu da Loiu.

Kirolur 2026k guztira 15.000 euro banatuko ditu sarietan, postu onenak lortutako udalerrien artean. Loiuk 4.800 euro irabazi ditu: udaberria (600 euro), uda (1.800 euro), udazkena (1.200 euro) eta sailkapen orokorra (1.200 euro).