Testua: Jon Goikouria Larrabeiti, argazki-kazetaria
Abenduaren hasieran, eszena xelebre bat ikusi nuen Bilboko Unamuno plazan: gaztaina-saltzailea eta izozki saltzailea zeuden pare-parean jo eta ke lanean.
Uda hasi bezain pronto, alarma pizten zait urtero. Karteltxo baten bila hasten naiz taberna guztietako barren bestaldean: “Gabonetako loteria badago”. Zer demontre gertatzen da? Uda hasi baino ez da egin, eta dagoeneko eskegi dute loteriaren inguruko kartela “Salda badago” karteltxoaren ondoan!
Gabonetako argiak azaroko lehen egunetan hasi ziren jartzen eta probatzen Sondikan. Oporretako eskandalu guztiarekin (ez baitago hitz egokiagorik), zabal-zabalik utzi dizkiogu ateak kontsumismoari, aurten bi hilabeteko aurrerapenarekin, eta zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta arinago hasiko ditugu prestakizunak. Gainera, globalizazioaren munstroa sartu zaigu etxera Estatu Batuetan eta Kanadan sortutako Ostiral Beltza dela eta: gehiago erosteko aitzakia bikaina.
Horrela jarraituz gero, urteak pasa ahala, udako oporretan hasiko gara Gabonetako oporrak prestatzen, Aste Santuan geroago, eta, batek daki, urte gutxi barru betiereko Gabonetan biziko al gara?