Hamabost sondikoztarrek aurkeztu dute erreklamazioa, uholdeak direla-eta

Aikor aldizkaria 2008ko eka. 23a, 14:26

Argazkia: Iratxe Orue

Ekaina estu eta larri hasi genuen. Hilaren lehenengo egunean euri-zaparrada galanta bota zuen, eta azken 25 urteetako uholderik larrienak bizi izan genituen, zoritxarrez. Kalte handiak izan ziren Bizkaiko hainbat herritan –Getxo, Erandio, Trapaga eta Muskiz, esaterako-, eta txorierritarrok ere uholdeen ondorioak pairatu genituen. Asua ibaia euriz handituta gainezkatu zen Sondikan, eta urak Ola auzoko etxe batzuk eta Sangroniz auzoko garajeak eta lonjak hartu zituen. Industriguneetako pabiloietan ere izan ziren kalteak, eta errepidea moztu behar izan zen Izarza bidean eta Txorierriko korridoreko sarbidean. Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak iragarri duten moduan, diru-laguntzak emango dizkiete kaltetuei, uholdeek eragindako kalteak konpontzen laguntzeko. Gaur arte 15 lagunek aurkeztu dute eskaria Sondikako Udaletxean. Beste alde batetik, udal ondasunetan-eta 12.000 euroko galerak izan direla jakinarazi du Udalak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).