Lan birziklagarriak sarituko dituzte Sondikan

Aikor aldizkaria 2009ko maiatzaren 18a

“Reziklart 2009 Sondika” lehiaketa antolatu du bertako Udalak. Lehiaketak elementu birziklagarriez egindako tresnak edo lan artistikoak saritzea du helburu. Lehiaketan edonork har dezake parte, eta hiru kategoria osatuko dira: 1. kategoria, hiru urtetik zazpi urtera bitartekoentzat; 2. kategoria, zortzi urtetik 12 urtera bitartekoentzat; eta 3. kategoria, 13 urtetik gorakoentzat. Lanak ekainaren 3ra arte aurkez daitezke Sondikako Kultura Etxeko erabilera askotarako aretoan, astelehenetik ostiralera eta 18:00etatik 20:00etara. Lanarekin batera gutun-azal bat aurkeztu beharko da, itxita, eta bertan datu hauek zehaztu beharko dira: egilearen izen-abizenak, telefonoa, jaiotze-data eta lanaren izenburua. Orotara hiru sari emango dira: prismatikoak eta 30 euroko kirol-materialerako bonua, 1. kategoriako irabazlearentzat; teleskopio bat eta 50 euroko kirol-materialerako bonua, 2. kategoriakoarentzat; eta erlojua eta 100 euroko kirol-materialerako bonua, 3. kategoriakoarentzat. Originaltasuna, lan edo artikuluaren erabilgarritasuna eta erabilitako elementu birziklagarrien ugaritasuna hartuko dira kontuan, sariak emateko orduan. Sari-banaketa ekainaren 5ean egingo dute arratsaldeko 6etan, Goiri Erdikoa plazan. Lanik esanguratsu eta originalenak ikusgai jarriko dituzte.