Herri-paella, mirariari heltzeko

Aikor aldizkaria 2009ko eka. 3a, 15:49

Maiatzaren 25etik 31ra bitartean, “Ostegun miraritsuak” tailerrak egin dira Sondikan. Ekimena Xelo Bosch eta Cyrille Larpenteur artistek eta CONSONNI arte ekoizpen-etxeak bultzatu dute, eta sondikarrek herriarekiko duten nahiak batu eta aditzera ematea izan du helburu. Zapatuan paella jana egingo dute Goiri Erdikoa enparantzan, eta tailerretan egindako lana jendaurrean aurkeztuko dute bertan. Herri-bazkaria goizeko 12etan izango da, doan. Bazkarian tailerretan aritu direnek ez ezik lana ezagutu nahi duen edonork ere har dezake parte. Tailerretan 100 herritar inguru ibili dira lanean; Gurasoen Elkartea, jai-batzordea, gaztetxeko ordezkariak, jubilatuak eta hainbat elkarte, tartean. Horrela, arduradunek ehunka ideia, kritika, proposamen eta eskaera jaso dituzte Sondikaren gainean. Horiek guztiak zapatuan jakinaraziko dituzte. Era berean, leku ezberdinetan utzitako poteetan jaso diren gogoak ere emango dira ezagutzera. Proiektuaren arduradunek azaldu duten moduan, “helburua ez da erakunde publikoei dagokien lana edo herritarren parte-hartzea sustatzeko prozesu sakonak egitea, baizik eta artearen erreminten bidez hausnarketak bultzatzea Sondikaren nortasunari buruz”. Zapatuan hausnarketak komunean jartzeko momentua egongo da, baita desio gehiago batzeko momentua ere. “Mirariak” urriaren 3an eta 4an eramango dira aurrera.