David Vazquezek omenaldia jaso du Sondikan

Aikor aldizkaria 2009ko eka. 24a, 09:38

Gaixotasunak gurpil-aulkia erabiltzera behartu zuen David Vazquez sondikoztarra. Hala ere, 33 urteko gazteak gaixotasunari aurre egin eta makil batek lagunduta ibiltzea lortu du. Hori gutxi balitz, kirola egiten jarraitu du Davidek; eta garaipen handiak izan ditu. Horrela, zilarrezko domina lortu zuen Eski Egokituaren Espainiako Txapelketan; eta brontzezko domina, Mahai-Tenisa Espainiako Txapelketan, taldeka. Sondikako Udalak omenaldia egin zion ekainaren 20an gazteari, horrek erakutsi dituen indar eta hobetzeko grinarengatik. Gorka Carro Sondikako alkateak urrezko intsignia eman zion Davidi. Intsignia hori herriaren adierazgarria da. “Inportantea ez da kirolari ona izatea, baizik eta pertsona ona izatea. Eta Davidek kirolari zein pertsona ona dela erakutsi digu. Zirrara sentiarazi digu eta hobetzeko duen grina eredutzat hartu beharko genuke, eguneroko zailtasunei aurre egiteko orduan”. Herriko elkarteak eta gaztearen senideak ere batu ziren ekitaldian.