Ardo mundua hizpide edukiko dute Sondikan

Aikor aldizkaria 2009ko uzt. 17a, 09:46

Irailaren 15etik 20ra bitartean Enologia Astea egingo dute Sondikan. Egitasmoaren barruan lau ekitaldi nagusi antolatuko dira: ardo-dastatze bat, zinea, txango bat eta ardo azoka bat. Ardo-dastatze ikastaroa irailaren 15ean, 16an eta 17an izango da, 19:00etatik 21:00etara, Sondikako Kultura Etxean. Ikastaroan ardo zuriak eta ardo gorriak dastatzeko aukera egongo da eta horrezaz gainera, ardo eta jakien arteko elkartzearen gaineko saioa ere egingo da. Orotara hiru ikastaro izango dira eta bakoitzak bost euro balio du; hirurak egiten badira; hamar euro ordaindu beharko da. Izena emateko epea irailaren 1etik 4ra bitartean zabalduko da, 17:00etatik 19:00etara, Gaztetxean. Irailaren 18an, Entre copas filma emango da Kultura Etxean. Saioa arratsaldeko 20:30ean, doan. Hurrengo egunean, irailaren 19an, txangoa egingo dute Laguardiara. Bertan Casa Primicia upeltegia ezagutuko dute. Kasu honetan ere irailaren 1etik 4ra bitartean eman behar da izena ematea, 17:00etatik 19:00etara, Gaztetxean. Azkenik, ardo azoka antolatu da irailaren 20rako. Azoka Txorierri etorbidean kokatuko da eta 10:00etatik 15:00etara egongo da zabalik.