Sondikoztarren ametsak egi bihurtu dira

Aikor aldizkaria 2009ko urr. 9a, 15:35

Joan den zapatuan, euren nahiak egi bihurtzeko aukera izan zuten sondikoztarrek, modu sinbolikoan izan bazen ere. Aurreko hilabeteetan hainbat tailer eta ekimen egin ziren herrian, “Ostegun miraritsuak” proiektuaren barruan. Proiektuak Bilboko aireportuak Sondikan eraikitzeak ekarri zuen “ustezko nortasun galera” lantzea izan du helburu. Tailer eta ekimenen haritik ekitaldi sorta zabala antolatu zen zapatuan Sondikan. Umeak, gazteak zein helduak mozorrotu ziren eta euren bizikletak apaindu ere egin zituzten. Txirrindulariek martxa egin zuten udalerritik, bidegorria eraikin dezatela eskatzeko. Martxaren ostean Sondikari buruzko umorezko marrazkiak zituzten kamisetak banandu ziren parte-hartzaileen artean. Goiri Erdikoa plazan informazio-gune bi jarri zituzten: bata, “Ostegun miraritsuak” proiektuari buruz; eta bestea, Sondikaren historiari buruz. Belaunaldi ezberdinetako herritarrek ere euren historia kontatzeko aukera izan zuten, eta asko izan ziren guneetara argazkiak eraman zituztenak eta besteei pasadizoak kontatu zizkietenak. Era berean, 20 laguneko koadrila batek txokatzat erabili zuen Kultura Areto II-a. Mirari eginezinenak Arratsaldean nahi eginezinen txanda izan zen. Argiek, koloreek eta soinuek lagunduta sondikoztarrek hausnarketa egin zuten mirarien gainean. Plazako horman proiektatutako esaldian irakur zitekeen moduan, “mirariak ez dira gertatuko, horiek bultzatzen dituenik ez badago”. Gauean taldeko dantza egin zuten herrigunetik udaletxera arte, zeinetan itzalak, esku-argiak, ahotsak eta makilak protagonista izan baitziren. “Ostegun miraritsuak” ekimena Xelo Bosch eta Cyrille Larpenteur artistek eta CONSONNI arte ekoizpen-etxeak bultzatutako proiektua da. Ekimena maiatzean jarri zuten abian eta handik hona sondikoztarren nahiak, iradokizunak eta kexak biltzen ibili dira iniziatiba ezberdinen bidez. Eta zer da sondikoztarrek eskatu dutena? Eskaerak eta nahiak oso bestelakoak izan dira: hondartza bat, bidegorria, jolastoki gehiago, udal txoko bat, aire zabaleko igerilekuak, koska egiten ez duen tigrea eta kulunka bat eskolara joateko, besteak beste.