Hasiera eman diete Artxandako trenbide-tunelaren beharrei

Aikor aldizkaria 2009ko urr. 23a, 13:45

Iñaki Arriola Garraio sailburuak, Gorka Carro Sondikako alkateak eta Iñaki Azkuna Bilboko alkateak Bilbo eta Izartza auzoa lotuko dituen Artxandako trenbide-tunelaren lehenengo harria jarri dute. Azpiegitura aireporturaino ailegatuko da etorkizunean. Proiektuak hiru fase ditu. Lehenengo fasean tunela zulatuko da Matikotik Izartza Sondikako auzora arte. Tunela metroaren 3. linearekin lotuko da eta Durangaldea eta Busturialdeko tren zerbitzuak Txorierrira heldu ahal izatea ekarriko du trenez aldatu gabe. Aurreikuspenen arabera, 28 hilabete emango dituzte beharretan. Bigarren fasean, tren geltoki berria egingo da Izartza auzoan eta Sondikako gaur egungo trenbidea ere moldatuko da. Hirugarren fasean, beste trenbide bat zabalduko da Sondikatik aireporturaino. Trenbidearen Lurralde-plan Sektoriala onartu zenean, Udalak hirugarren faseko tarte hori lurpean egiteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, eta horrek hala egiteko konpromisoa hartu zuen. “Oraindik ez dakigu noiz hasiko diren bigarren eta hirugarren faseak. Fase biok oso inportanteak dira herriarentzat eta adi egon beharko gara, ea esandakoa betetzen den”. Carroren esanetan, proiektuak onura garrantzitsuak ditu Txorierrirako. Horrela, trenen maiztasuna handiagoa izango da eta tunela ere gaur egungoa baino askoz seguruagoa izango da. “Ebakuazio-irteera bi egongo dira; batak Matikora joko du; eta besteak, orain erabiltzen den tunelera”. Azken hau zerbitzuz kanpo geldituko da eta Sondikako Udalak bertan oinezkoentzako eta txirrindularientzako bidegorria egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.