Bihar 88 babes ofizialeko etxebizitzak zozketatuko dira Sondikan. Etxebizitzak Sagarreta auzoan daude. Udalak hitzarmena sinatu du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin eta hitzarmen horri esker, sondikoztarrek lehentasuna izango dute etxebizitza horietako bat lortzeko. Era berean, etxebizitzak eman barik gelditzen badira, horiek gainontzeko txorierritarrek eskuratu ahalko dituzte.
Babes ofizialeko etxebizitzei dagozkien legezko betekizunez gainera, Udalak baldintza berri bat ezarri du: etorkizuneko titularretako batek gutxienez urtebete eraman behar du herrian erroldatuta. “Horrela, lanagatik, ikasketengatik... epe batean kanpora joan, baina herrian bizi nahi dutenek ere hartu ahalko dute parte zozketanâ€, esan du Gorka Carro alkateak.
Etxebizitzak herriko erdialdean kokatuko dira: Goronda Gane Ikastetxe eta Goronda Beko kiroldegiaren aurrean, hain zuzen ere. Bertan zazpi etxebizitza-bloke altxatuko dira, eta bakoitzak etxabea, hiru solairu, garajea eta trastelekua izango ditu. Prezioak Eusko Jaurlaritzak onartutakoetara daude egokituta.
Sagarreta gunean, 101 babes ofizialeko etxebizitza eraikiko dira orotara. Horietako 13, besteak beste, etxebizitzaren berariazko beharrak betetzera edo birkokatzeetara zuzenduko dira. Gainontzeko 88ak emango dira aspektu hauek kontuan hartuta: lau etxebizitza, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarrituentzat; 44 etxebizitza, eskaera orain dela lau urte edo gehiago egin duten familientzat; 25 etxebizitza, 25 urtetik 35 urtera bitarteko familientzat; eta 15 etxebizitza, gainontzekoentzat.
Zozketa eguerdiko 12etan egingo da Kultura Etxean, eta zerrendak Sondikako Udaletxean zein Eusko Jaurlaritzako Lurralde Ordezkaritzan jarriko dira ikusgai.