Motorrek Sondika hartuko dute asteburuan

Aikor aldizkaria 2010ko aza. 16a, 14:31

Sondikako Udalak “Sondika Moto” ekitaldia antolatu du asteburu honetarako. Ekitaldiak motorrak eta horiei lotuta dagoen kirola herritarrei eta bisitariei hurbiltzea du helburu. Goronda Beko kiroldegian hainbat stand jarriko dira eta bertan errepasoa egingo diote José Ángel Mendivil, Herri Torrontegui eta Efrén Vázquezen kirol ibilbideari. Erakusketa zapatuan egongo da zabalik, goizeko 11:30etik 19:30era bitartean. Beste modalitatetan dabiltzan motor-gidariek ere euren lekua izango dute erakusketan: Aitor Martínez (Supermotard Euskadiko txapelduna), Jaime Busto (Trial Europako txapelduna) eta Oihane Albizuri (Motokrosa), batzuk aipatzearren. Era berean, ohiko eta gaur egungo motorrak jarriko dira ikusgai. José Ángel Mendivil, Herri Torrontegui eta Efrén Vázquezek hitzaldia eskainiko dute zapatuan, arratsaldeko 6etan, Kultura Etxean. Gonbidapenak Goranda Beko kiroldegian emango dira. Eta domekan, MotoGP Munduko Txapelketan parte hartu duen talde baten kamioi-trailerra bisitatzeko aukera izango dute zaleek. Gainera, Efrén Vázquezek autografoak sinatuko ditu.