Albertok eta Iñigok titulua berretsi dute

Aikor aldizkaria 2011ko ots. 10a, 09:39

“Sondikako Udala” Frontenis Txapelketaren finala oso parekatua eta lehiakorra izan da aurten. Hala ere, irabazlea egon behar da eta hori Albertok eta Iñigok osatutako bikotea izan da. Irabazleak Rafa eta Aritza sondikoztarren aurka ibili ziren norgehiagoka, eta azken hauek sasoi onean daudela kantxan erakutsi bazuten ere, ezin izan zieten irabazleei aurrea hartu. Izan ere, Albertok eta Iñigok oso joko ederra eskaini zuten eta huts gutxi egin zituzten. Are gehiago, Alberto atzelari ibili zen eta partida osoan zehar jokaldi bitan baino ez zuen huts egin. Baina ez da lehenengo aldia bikote honek “Sondikako Udala” txapelketa irabazi duena, iaz ere txapela jantzi zutelako. Beste alde batetik, Mikel eta Jon hirugarren postuan lotu ziren; eta Alainek eta Gorkak osatutako bikotea, laugarrenean. Frontenis Txapelketa seigarren aldiz egin da aurten, eta inskripzio-markak hautsi ditu, bertan 22 bikotek hartu baitute parte.