Sondikako Kultura Etxean denbora luzea daramate filmak eskaintzen. Hala ere, horiek DVD formatuko pelikulak ziren, eta eskaintza apur bat zahar gelditzen zen ohiko zinemen ikuskizunen aldean. Urtarrilean formatu digitaleko filmak ematen hasi ziren, eta harrezkero azken nobedadeak ikusteko aukera izan dugu aretoan: Ahora los padres son ellos, La montaña mágica eta Camino a la libertad, esate baterako. Besteak beste, Zigortzaileak, El santuario eta Valor de ley emango dituzte martxoan.
Zinerako txartelak 2,5 euro balio du 12 urtetik beherako umeentzat; eta lau euro, gainontzekoentzat. Txartelak BBKren bitartez eros daitezke (Teleka multizerbitzu kutxazainetan edo www.bbk.es webgunean), 94 431 03 10 telefonoan, edo aretoko txarteldegian emanaldia hasi baino ordubete lehenago.