Zapatuan Sondikako Urban Circuit egin zen lehenengo aldiz. Ekimena Sondika Motor Elkarteak antolatu zuen San Joan jaietako egitarauaren barruan, eta Udalaren eta Euskadiko Motoziklismo Federazioaren babesa jaso zuen.
Eguzki galdatan, gidarien trebetasunak eta haien ibilgailuen motorretik ateratako zaratak berotu zituzten –are gehiago, bero kiskalgarria zegoelako- probaraino hurbiltzera animatu ziren lagunak. Orotara 33 gidarik hartu zuten parte ekimenean. Haiek lehenengo mailako probetan dabiltzan gidariak izan ziren eta Estatuko hainbat txokotik ailegatu ziren Sondikara.
Pistan kategoria hauek egon ziren ikusgai: formulako automobilak, rallyko auto klasikoak, moto klasikoak, car-cross eta supermotard. Gainera, supermotard kategoriako proba puntuagarria izan zen Euskadiko Txapelketarako.
Jendetza handia batu zen Sondikako Urban Circuit-ean eta antolatzaileak oso pozik azaldu ziren, bai ikusleen erantzunarekin, bai ekimenean eskainitako kalitatearekin. “Proba gainditu dugula uste dugu. Herritarrek oso erantzun ona eman digute eta lortutako arrakastak gogoa piztu digu, ekimena etorkizunean berriro antolatzeko. Bestalde, gustatuko litzaiguke Sondikako Urban Circuit, hemendik aurrera, Supermotard Euskadiko Txapelketaren hitzordu finkoa izateaâ€.