Euskal ezkontza, Sondikan

Aikor aldizkaria 2011ko uzt. 21a, 11:06

Gorantzaileak Sondikako dantza taldeak Euskal Jaia antolatu du irailaren 9tik 11ra bitarteko astebururako. Dantza taldeak saio berezia eskainiko du barikuan eta han elkarte hauek ere hartuko dute parte: Txuma Olagüe talde korala, Txuma Olagüe abesbatza, Pentagrama kultura taldea, eta Ipar Elaiak txistu taldea. Ekimena arratsaldeko 7,30ean izango da Goiri Plazan. Gaueko 12,30ean berbena egongo da Luhartz taldearekin. Zapatuan euskal ezkontza egingo da hirugarren aldiz eta parte-hartzaileek 1.880 urtearen inguruko ezkontza bat antzeztuko dute. Segizioa arratsaldeko 7:30ean aterako da Goronda Beko bidetik, eta iluntzeko 9,30ean arreoa eta ezkontza-hitzarmena aurkeztuko dira Goiri Plazan. Ostean, herri afaria egingo da Larrabarrena parkean. Erromeria ere egongo da Trikileku eta Bizkaiko Gaiteroak taldeen eskutik, eta Akerbeltz taldeak berbena eskainiko du. Hurrengo egunean, goizeko 11etan, gazta eta txakolinaren dastatzea egongo da Goiri plazan. Umeentzako herri kirolak ere antolatu dituzte egun horretarako.