Altzora ekarri dute euskara Sondikan

Aikor aldizkaria 2011ko ira. 26a, 14:24

Barikuan Altzora Sondikako euskara elkartea aurkeztu zuten jendaurrean. Herriko Kultur Etxean Txorierri osotik etorritako lagunak, euskaltzaleak, euskara elkarteetako ordezkariak eta, nola ez, sortu berria den elkartearen kideak batu ziren. Ekitaldia Patxi Ugalde kazetari eta aktore ohiak aurkeztu zuen, eta hark hitza eman zien han parte hartu zutenei: Alfon Atela Altzora elkarteko ordezkaria, Belen Gana Txepetxa AEK euskaltegiaren arduraduna, eta Xabier Goienetxe TOTOAN Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioaren presidentea. Hizlariek ezinbestekotzat jo zuten Sondikan euskara elkartea sortzea, hizkuntzaren erabilera areagotzeko eta euskararen normalizaziorantz beste urrats bat emateko. Horrezaz gainera, Atelak eskertu zuen Txorierriko gainontzeko euskara elkarteek Altzora elkartearen sorrerarako emandako laguntza eta babesa. Euskarak eta euskal kulturak eduki zuten lekua aurkezpenean. Horrela, Pentagrama taldeko akordeoilariek ,Gorantzaileak dantza taldearen dantzariek eta Ipar-elaiak taldearen txistulariek eskaini zuten saioa, eta Eñaut Intxaurraga bertsolaria bat-batean aritu zen taula gainean. “Udako argazkiak” Lehiaketaren irabazleari eman zioten saria, eta musika Kherau taldearen eskutik izan zen. Ekitaldiaren ostean kopaua eskaini zitzaien Kultur Etxera bertaratuei.