Sondikako Kultur Etxeak bereizmen handiko filmak eta 2D eta 3Dko filmak eskainiko ditu hemendik aurrera. Prezioei dagokienez, 2Dko pelikulek lau euro balioko dute, lehenengo aldiz ematen direnean; eta hiru euro, filmaren estreinaldia ez denean. Era berean, 3Dko estreinaldiek sei euro balioko dute; eta lau euro, estreinaldiaren ostean.
Ikusleek betaurreko bereziak jasoko dituzte sarrerarekin batera. Betaurrekoak filma amaitzen denean itzuli beharko dira. Sarrerak txartel-leihatilan bertan, BBK-ko kutxazainetan edo bbk.es webgunean, eta 94 431 03 10 telefonoan eskura daitezke.
Bestetik, Kultur Etxean kirolari lotutako ikuskizunak, kontzertuak eta bestelako ekimenak ere emateko asmoa du Sondikako Udalak. Adierazi dutenez, ezarri dituzten prezio merkeei esker aretora Txorierriko eta Bilboko lagunak erakartzea espero dute.