Aurreko urteetan bezala, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak kultura-txartela sustatu du Gabonetarako. Txartel bakoitzak 40 euroko balioa du, baina erosleak 25 euro baino ez du ordaindu behar; gainontzekoa erakundeak ipiniko du. Besteak beste, liburuak, musika edo ikuskizunerako sarrerak eros daitezke txartelari esker. Sondikako Kultur Etxeak bat egin du ekimenarekin. Horrela, zortzi sarreretako pack-a eskaintzen du kultura-bono bakoitzaren truke. Sarrerek bost euroko balioa dute eta erabili ahal dira, Kultur Etxean ematen diren udal ikuskizunetarako: zinea, antzerkia edo musika. Kultura-txartelak urtarrilaren 5era arte eros daitezke BBK-aren kutxazain automatikoetan, eta horiek urtarrilaren 20ra arte trukatu ahal dira liburutegian edo Kultur Etxean bertan. Era berean, sarrerok Kultur Etxeko txarteldegian aldatu ahalko dira ikuskizuna hasi baino ordu bat lehenago. Ikuskizunak bost euro baino gutxiago balio badu, ez da dirua itzuliko; eta gehiago balio badu, aldea jarri beharko da. Sarrerak datorren urteko abenduaren 31ra arte erabili ahalko dira.