Hegalariak Sondikako Kirol Klubak eta Udalak Areto-futbol Txapelketa antolatu dute 24. aldiz. Txapelketari otsailaren 5ean emango zaio hasiera. Partidak Goronda Beko kiroldegian jokatuko dira eta sarrera doan izango da.
Izena emateko epea urtarrilaren 22ra arte egongo da zabalik, eta hori kiroldegian bertan, kteknikari@sondika.org helbidean edo hegalariak@kzgunea.net helbidean egin ahalko da. Datu hauek eman beharko dira: taldearen izena, jokalari bakoitzaren NAN zenbakia, taldearen ordezkariaren izen-abizenak, helbidea, telefono-zenbakia eta posta elektronikoa, Euskadiko kutxako 3035 0201 23 201090000-2 kontu korrontean ordaindutakoaren agiria eta fidantza itzultzeko kontu korronte baten zenbaki osoa (20 zenbakiak). Lehiaketak 75 euro balio du, baina partida guztietara joaten bada, 60 euro itzuliko dira.
Talde bakoitzeko gehienez 12 jokalariren izenak onartuko dira, eta gutxienez haietariko bat egon beharko da Txorierrin erroldatuta. Jokalariak 16 urtetik gorakoak izan beharko dira, eta talde bakoitza gutxienez atezain batek eta hiru jokalarik osatuko dute. Partidei dagokienez, egutegi eta ordutegi-aldaketak arbitroarekin adostuko dira eta horiek partiden aurreko asteazkenean emango dira ezagutzera. Aldaketa eskatzen duen taldeak ordaindu beharko du futbol-areto zelaiaren alokairua.
Partiden egutegia urtarrilaren 31tik aurrera egongo da ikusgai Goronda Beko kiroldegian eta www.sondika.net webgunean. Irabazleak garaikurra eta kirol materiala erosteko 50 eurotako 12 txartel jasoko du saritzat; eta bigarren sailkatuak, garaikurra eta kirol materiala erosteko 10 eurotako 12 txartel. Bestetik, gol gehien sartzen duenak, gol gutxien jasotzen duen taldeak, kiroltasun handiena adierazten jokalariak eta jokalaririk onenak ere jasoko dute sari bana.