Estralurtarrek hartuko dute Sondika

Aikor aldizkaria 2012ko urt. 26a, 09:04

Altzora Sondikako euskara elkartea sortu berria dugu gurean. Elkartea herrian euskararen erabilera bultzatzea du helburu, eta bideak zabaltzea sondikoztarrak euskaraz bizi ahal daitezen. Horren haritik, hainbat ekimen antolatu dituzte herria girotzeko: argazki lehiaketa, kantu-poteoa eta kirol medikuntza arloko hitzaldia, esate baterako. Inauteri-usaina dago herrian eta ospakizun horietarako ere ekimen berezia egitea pentsatu dute. Hala, otsailaren 24an mozorroa jantzi eta herriko bazterretatik ibiliko dira Inauteriak euskaraz bustitzeko. Baina egun horretan ez dira bakarrik arituko. Taberna Ibiltaria taldeko kideak eurekin batera aterako dira, eta Sondikako tabernak atzo eta gaurko euskal kantuz beteko dituzte. Altzora eta Taberna Ibiltariako kideak estralurtarrez mozorrotuko dira, euskaraz han eta hemen bizi behar delako. Beraz, ez harritu Sondikako kaleetan eta tabernetan zehar beste planetetako izakiek euskaraz egiten dutela ikusten baduzue. Estralurtar euskaldunen inbasioa da.