Euskal jaia, Altzoraren eskutik

Aikor aldizkaria 2012ko uzt. 24a, 14:19

Altzora Sondikako euskara elkarteak Euskal jaia antolatu du lehenengo aldiz. Irailaren 22an egingo dute eta egun osoan zehar ekimen sorta zabala egongo da, adin guztikoei zuzendua eta euskal giroan murgiltzeko aproposa. Ekimenak goiz-goiz hasiko dira, Kurtze auzoan. Goizeko 11etan umeentzako zirko tailerra izango da, eta eguerdiko 12etan hegazti harraparien inguruko tailerra. Egunari erritmoz emango diote jarraipena. Hala, 13:30ean batukada-kalejira aterako da tren geltokiko aparkalekutik. Herri bazkaria 14:30ean egingo dute. Bazkariak 15 euro balioko du nagusientzat; eta 10 euro, umeentzat. Txartelak Batzokian, Egarri tabernan eta Santa Kurtzeko jaien haritik jarriko den txosnan eskura daitezke. Era berean, 635 75 35 95 telefono zenbakian erreserba daitezke. Sarrerak hartzeko azken eguna irailaren 16a izango da. Taberna ibiltaria taldeak bazkalostea girotuko du, eta Anje Duhalde musikariak kontzertua eskainiko du arratsaldeko 8etan. Erromeria Aiko taldearen eskutik izango da. Euskal jaia Sondikako Udalak babestu du.