Urriaren 7an, domekan, Enologia Eguna egingo dute laugarren aldiz Sondikan. Goiri plazan 13 saltoki ipiniko dira eta han jatorrizko deitura duten ardoak jarriko dira ikusgai eta salgai. Besteak beste, Errioxa, Bizkaiko Txakolina, Ribera, Albariño eta Penedes deituretako ardoak egongo dira. Bisitariak bost euro balio duen kopa erosten badu, aukera izango du azokan egongo diren ardo guztiak dastatzeko. Gainera, ardo-kutxa baten zozketan hartuko du parte. Beste alde batetik, Idiazabal gazta salduko duten postu bi ipiniko dira. Pintxoak ere jarriko dira salgai 50 zentimotan. Era berean, umeentzako tailerrak egongo dira.