Sondikako Udalak kanpaina bat jarri du abian, herriko saltokiak bultzatzeko eta dinamizatzeko. Kanpainak “Sondikan Berton†du izena, eta helburu bikoitza du: alde batetik, kontsumoak atzera egin duen sasoi honetan ezagutzera ematea nolako abantailak dituzten herriko saltokiek eta, bestetik, Sondikako merkataritzari eutsiko dion eta lanpostu berriak sortuko dituen esparru ekonomiko bat sortzea. Egitasmoa fase bitan garatuko da.
Lehenengo fasean, herritarrak sentiberatu egin nahi dira herriko merkataritzaren alde. Fase horri hasiera eman diote dagoeneko, eta, besteak beste, material ekologikoz eginiko oihalezko poltsa berrerabilgarriak, kartelak, pegatinak eta informazio-liburuak banatu dira dendetan eta herritarren artean, Gabonetan erosketak sustatzeko. Kanpainaren arduradunek sondikoztarrak ohartarazi dituzte herriko merkataritzaren aukera zabalaz, eskaintzaren kalitateaz eta etxe ondoan erostearen abantailez.
Bigarren fasea sendotze fasea izango da eta 2013ko lehenengo sei hilabeteetan egingo da. Merkatariek parte-hartze aktiboa izango dute bertan, eta hainbat jarduera bultzatuko dituzte herritarren artean. Bestalde, aipatu beharra dago Sondikako Udalak merkatariak biltzen dituen egitura egonkor bat eratzeko asmoa duela, merkataritza herriko bizitzaren eragile bihur dadin. “Garai latzak dira denda txikientzat, baina beti izango dute Udalaren laguntza. Merkataritza Sondikako balio aktiboa da eta horregatik eskatu nahi diet herritarrei haren alde jokatzen jarraitzeko. Egitasmo honen bidez, geure denden kalitatea, hurbiltasuna eta konfiantza azpimarratu nahi ditugu. Udalak ildo horretatik jarraituko du lanean, eta herriko dendarien ondoan egongo daâ€, esan du Gorka Carro Sondikako alkateak.