Epaileak Troquelería del Norte (lehen Troquenor zena) Sondikako enpresa ixteko agindua eman du eta langileak pabilioian sartu dira hori ekiditeko. Maiatzaren 6an epaileak bidalitako sarrailagilea enpresara joan zen sarraila aldatzera, baina bertako 120 langileek ez zioten hori egiten utzi. Beraz, itxiera bertan behera gelditu zen. Langileek ez dute enpresa ixtea nahi, eta horregatik, itxialdia egin dute han eta txandaka babestuko dituzte euren lanpostuak.
Epaileak kaleratzea agindu du, enpresaren jabeek zorrak ordaintzen ez dituztelako. Langileek salatu dute enpresaren egoera. “Jabeek oso kudeaketa txarra egin dute, eta horren ondorioz arazoak sortu ziren 2007an. Euren ustez, langileok gara errudunak eta gure kontrako neurriak hartu zituzten: enplegu-erregulazioko espedientea egin, soldatak eta abantailak murriztu, lagun batzuk kaleratu...”, esan digu Roberto Gómez langileak. “Hartzekodunen konkurtsoa zabaldu zen, baina hori irregulartasunez josita dago. Esate baterako, jabeek mantendu zuten pabiloiaren jabetasuna”.
“Egoerak amorrua sorrarazten digu. Jabeek egin dute txarto, baina geuk ordaindu behar dugu. Guri soldata eta lana kendu nahi dizkigute, baina haiei, ordea, ezer ez. Alejandro López Carcamo Industria-garapen sailaren zuzendariari gure egoeraren berri eman diogu eta berak esan digu gatazka aztertuko duela, baina ez naiz batere itxaropentsua”. Langileek lau hilabete daramatzate kobratu barik.